Agrupación de Asociaciones de Comerciantes de Gipuzkoa

Ongi etorri Dendartean-era, jarraiguzu!

«Exijentzia asko dauzkagu alde guztietatik gure lana egiteko»

ORDIZIAN | ORDIZIAN

Juanjo Garin. Garin okindegia (Ordizia)

Garin Okidengiko nagusia da 33 urteko Juanjo Garin, aurrekoei iaz erreleboa hartu ondoren. «Geroz eta zailagoa» ikusten du jarraikortasuna.

Nola ikusten duzu Goierriko enpresa txikien jarraikortasuna?
Gaur egun ez da erraza. Batetik, enpresa handiekin egiten dugu lan eta horiek guk baino gihar gehiago daukate eskatzen diren gai burokratiko guztiak egiteko. Bestetik, inguruko jendeak nahiago du enpresa handi batean lan finko bat edukitzea, enpresa berri bat sortu eta horrek dakartzan zailtasunei aurre egitea baino.

Ekintzaileen kopurua asko murriztu da Goierrin. Zergatik uste duzu dela?
Enpresa handi eta ertain ugari dago eta horrek lanpostu eskaintza handitzen du. Lantegi horiek ematen duten bizi kalitate eta lan berme onak kontuan izanda, oso jende gutxiri bururatzen zaio bere kabuz negozio bat zerotik hastea, dakartzan buruhauste eta ziurgabetasunarekin.

Zuk duela gutxi hartu duzu erreleboa.
Praktikotasunean, duela 2 urte hartu nuen, baina legalki 2023ko abenduaren 28an. Ez da erabaki erraza izan, erreleboa hartzeak hainbat eta hainbat ardura bereganatzea inplikatzen baitu. Orain ni naiz nagusia eta nire ardura da negozioa aurrera eramatea zein nire langileen ongizatea.

Laguntzarik izan duzu?
Erreleboa kudeatzen lagundu didana nire familia izan da. Momentu on eta zailetan nirekin egon dira. Alde burokratikoan, aholkularitza entitate batek lagundu digu.

Txikizkako enpresek badute etorkizuna Goierrin?
Geroz eta zailagoa ikusten dut enpresa txikiak aurrera egitea. Exijentzia asko dauzkagu alde guztietatik gure lana egiteko, eta ia beti, denbora gehiago pasatzen dugu beste lan hori guztia egiten, berez dugun ogibidean baino. Horrek askotan lana alde batera uzteko gogoa ematen dizu. Batzuek diote lan horiek egiteko beste pertsona bat kontratatzea dela irtenbidea, baina pertsona hori beste soldata bat da, beste ardura bat, eta nire kasuan behintzat, ezin dut pribilegio hori asumitu.

Zer falta da jarraikortasuna lortzeko?
Ekintzaile gehiago gure gizartean, lan mundua beste era batera ikusiko duen jendea, hau da, lanari haien bizitzan garrantzia gehiago emango dion jendea, burua eta bihotza jarriko dituena.

Facebook
WhatsApp
Twitter
LinkedIn
Email
ES