Goierriko txikizkako merkataritzaren jarraikortasun analisiak’ datu eta emaitza argigarriak utzi ditu. Hamabost urtean, esaterako, negozio arduradunen %52 jubilazio adinera iritsiko dira.
Goierriko negozio txikien etorkizunarekiko kezka. Sektoreko langileen (ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak), agintarien eta herritar askoren hizpidea. Hausnarketa horretatik abiatuta eta Goierriko tokiko merkataritza sustatzeko asmoz sortu zuten iazko martxoan Bidari, Goierriko negozio txikien lantaldea, aurrez zegoen Merkataritza mahaiari izen eta irudi berri bat emanez. Eta lema, honakoa: Goierriko negozio txikiak elkarrekin. Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek, Bareak, LazkaOn eta Ordizian elkarteek, eskualdeko merkataritza teknikariak eta Goiekik osatzen dute lantaldea.
Problematika orokor bati tiraka eta Bidariko kontraste saio batean aipatutako gai bat abiapuntutzat hartuta, Olaia Fernandez Jauregik (Beasain, 2002) Goierriko enpresen jarraikortasun analisia Gradu Amaierako Lana (GRAL) ondu du. Datozen urteetan jubilazio adinera iritsiko den pertsona kopurua handia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan –2028an 101.959 pertsona lan mundutik irtetzea espero da–, eta egoera horrek Goierrin dauden txikizkako negozioetan nola eragingo duen eta bailarako merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko langileen egoera nolakoa izango den aztertu ditu.
Jarraikortasuna: marko teorikoa
Testuinguru hori aintzat hartuta, proiektuaren helburu nagusia eta bigarren mailako beste hiru definitu zituen Fernandezek. Hauxe nagusiena: Goierriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresek izango duten jarraikortasunaren analisia egitea.
Enpresaren ondorengotza enpresaren, lantokiaren edo produkzio unitate autonomo baten titulartasuna aldatzen denean ematen da, akordio formal bat eginez. Hitzarmen hori negozio baten eta haren aktibo komertzialen (ukigarriak zein ukiezinak) kontratuaren lagapenari lotuta dago, bi aldeek adostutako prezio baten truke. Jarraikortasun horiek arrazoi ezberdinak tarteko eman daitezke, baina bost dira gehien erabiltzen direnak: Salerosketa; Dohaintza; Jaraunspena; Partaidetza sozialen edo Akzioen salmenta; eta Negozio Lokala eskualdatzea edo kontratua lagatzea.
Bost hilabeteko landa-lana
Goierriko 18 udalerrietan dauden merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen datu base bat sortu zuen Fernandezek lanari ekiteko. Denera 922 txikizkako negozio daude, %80a Beasainen, Lazkaon eta Ordizian. Zerbitzu enpresak dira gehienak (%39), merkatariak gero (%38) eta ostalariak azkenik (%23). Analisia egiteko 758 enpresarekin egin da harremana kanal ezberdinen bitartez, eta galdetegia erantzun dutenak 128 izan dira. Hortaz, %17ko laginarekin egin da lanketa. «Gehienek proiektuarekiko interes handia izan dute. Oso gustura eta gogo handiz landu dudan proiektua izan da, eta pertsonalki zein profesionalki asko garatzen lagundu dit azterketa hau egiteak». Bost hilabeteko lana izan da, iazko irailetik urtarrilera.
Goierriko txikizkako merkatarien batez besteko antzinatasuna 21 urtekoa da. «Merkataritzak du antzinatasun tarte handiena, zerbitzuek hurrena, eta sektore gazteena ostalaritza da». Martxan dauden negozioetatik erdiak baino gehiago (%55,47) ekintzailearen ideia berri batetik sortuak dira, %20a familia negozioa eta beste %20a hirugarren pertsona baten negozioarekin jarraitutakoa. Lanpostu gehien sortzen duen sektorea ostalaritza da, eta zerbitzuen sektorea autonomoek osatzen dute gehienbat (%39). Negozio arduradunen batez besteko adina 45-54 urtekoa da.
Hamabost urtean %52 gutxiago
Jarraikortasuna aztertzen hasita, Goierrin dauden lau txikizkako merkatarietatik hiruk erretiro adinera iristen direnean bere enpresari jarraikortasuna eman nahi liekela ondorioztatu du. «Arduradunen %13k topatu du negozioarekin jarraituko lukeen pertsona, eta %35ek ezagutzen dute soilik jarraikortasun prozesua nola egin». Jarraikortasuna eman nahi ez dioten arduradunen %70ak beraien negozioari jarraikortasuna emango dien pertsonarik ez dutelako topatzen da, eta beste %30a, aldiz, beraien proiektua ez dutelako bideragarri ikusten. Jarraikortasun txikiena zerbitzuen sektoreak izango du, eta aukera gehien ostalaritzak du.
Analisiak dio bost urtean negozioen %14 desagertzeko arriskuan dagoela, hamar urtean negozio arduradunen %18 erretiro adinera iritsiko direla eta hamabost urtean %20 negozio gutxiago izango direla. Datuak metatuta, %52 negozio gutxiago leudeke Goierrin 2039an. Lanketa hau Bidari mahaiarekin kontrastatu da, eta ekintza plana zehazteko prozesuan dago orain.
Belen Goia. Arantxa mertzeria (Idiazabal): «Etorkizuna ez dugu erraza ikusten, baina baikor gaude»
Juanjo Garin. Garin okindegia (Ordizia): «Exijentzia asko dauzkagu alde guztietatik gure lana egiteko»
GOIBERRI