ARRASATE
Epaimahaiak Gipuzkoako harakinek eginiko tripakiak baloratuko ditu, hiru onenei saria emanez. Izen-ematea zabalik dago maiatzaren 29ra arte.
Testua eta kartela: Ibai-Arte.
Arrasateko Udalak, Ibai-Arte Arrasateko Merkatari Elkarteak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak, “Hanburgesa eta tripaki dastaketa” antolatu dute. Ekainaren 3an, larunbata, ospatuko da Arrasateko XXIV. Harreman elkartasun egunaren baitan, 18:00etatik aurrera. Bertan, inguruko harakinen tripakiak zein hanburgesak dastatu ahal izango dira, baita sagardoa ere.
Dastaketa, I. Gipuzkoako Tripaki Lehiaketa-ri lotuta joango da, izan ere, Gipuzkoako harategi guztiei zuzenduriko lehiaketa deitu da, tripaki hoberenen bila.
Harategiek, lehiaketan parte hartu nahi badute, maiatzaren 29a baino lehen ederto@ederto.com helbidera emaila idatzi, 943 86 53 52 telefonora deitu edo 671 64 34 88 zenbakira WhatsApp-a bidali beharko dute.
Behin izena emanda, ekainaren 2an (lehiaketa bezperan) harategitik jasoko zaizkie lehiaketara aurkeztuko dituzten tripakiak. Guztira 750 gr aurkeztu beharko dituzte; horietatik zati bat epaimahaiak dastatu eta epaituko ditu, eta gainontzekoa mokadutxoetan salduko da. Hanburgesak ere eskainiko dira dastatzeko.
Lehiaketara aurkezturiko tripakiek ezingo dute muturrik eraman, ez behintzat ikusteko moduko zatietan. Birrinduta, saltsa moduan bada, onartuko da muturrak erabiltzea. Gainontzean, libre uzten da errezeta.
Epaimahaiari dagokionez, Josema Azpeitia kazetari gastronomikoaren partaidetza baieztatu du antolakuntzak. Gainera, Ibai-Arte eta Ederto-Harakel elkarteetako ordezkariak ere izango dira balorazio lanetan.
Harategi irabazleak txapela eta trofeoa lortuko ditu; eta bigarren zein hirugarren gelditzen direnek, trofeoa. Dena den, sari sinbolikoez aparte, Gipuzkoako tripaki hoberenak egitearen ohorea dago jokoan.