Ekimenaren baitan II. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa ere ospatuko da, Gipuzkoako hanburgesa-haragi hoberena egiten duen hatategia sarituz.
Pasa den urteko arrakasta errepikatu nahian, larunbat honetan hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa osaptuko da Azpeitian. Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak antolaturiko ekimena 18:00tatik aurrera osatuko da Plaza Nagusian eta herritar askoren gustagarri diren bi produktu batuko ditu: hanburgesa eta garagardoa.
Ekintzaren oinarrian, II. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa dago. Izan ere, izen emateabukatzen ari badira ere, Gipuzkoako 18-20 izango dira larunbatean Azpeitiko plazan beren hanburgesa-haragia aurkeztu eta epaimahaiaren aurretik pasatzeko. Udal ordezkari batek, Leire Beristainek, Ederto-Harakel Elkartearen izenean, eta Mikel Uriak, sukaldari eta aditu moduan, osatuko dute epaimahaia. Horiek, hanburgesen itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa, bertakotasuna, etab. baloratuko dituzte, haragirik hoberenak aukeratuz.
Lehiaketaren ildotik, herritar orori zabalduriko hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa eskainiko da. Hanburgesak, lehiaketan parte hartzen duten haragiarekin egingo dira, baina hanburgesaren ohiko presentazioa osatuz; ogi artean eta norberaren gusturako gehigarriekin (gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa).
Janaren osagarri moduan, garagardo artisaua ere izango da. Euskal Herriko 6 garagardo ekoizlek beren produktuak ekarriko dituzte Azpeitira: Atala Brewing, Basabe, Higer, Mitika, Xorta eta, nola ez, Izar-Haitz azpeitiarrak. Garagardo ekoizle horiek, arratsaldeko dastaketan ez ezik, eguerdian 12:00tatik 14:00tara ere eskainiko dute garagardoa probatzeko aukera.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “pasa den urteko formatua errepikatuko dugu, ticketak erosi beharko dira eta gero horiek hanburgesa edota garagardoagatik trukatu”. Aldi berean, jakinarazi dute “eguraldiak lagunduko ez balu», Azoka Plaza barruan izango litzatekeela festa: «Era batera edo bestela, festa giroa izango da”. Horrenbestez, herritar guztiei larunbatean Azpeitiko Plazara gerturatzeko deia egiten diete.