SORALUZE | BIZIKALE
Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak Euskal Herriko erakunde publikoek elkarlanean sortu duten ‘Euskaraz barra-barra’ marka berria zabaltzen dihardu egun hauetan herriko establezimenduetan.
Marka bateratu horren helburua ondorengoa da: «bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela establezimendu edo entitate horretan, ‘Euskaraz barra-barra’ marka duten guneetan bermatuta egongo delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela».
Zabalpenaren lehen fasea Bizikale merkatarien elkartearekin batera egin du Udalak eta elkarteko bazkideak dira marka berria eskuratzeko gonbidapena jaso duten lehen establezimenduak. Orain artean hogeik eskuratu dute ziurtagiria.
Udalaren asmoa da apurka-apurka ziurtagiria gainontzeko establezimenduetara zabaltzea.
Baldintzak betetzen dituzten establezimendu interesdunek Udaleko Hizkuntza Politikaren departamentuan jaso dezakete marka berriari buruzko informazioa.
Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduek erakusleihoan jartzeko eranskailu handia jasoko dute. Soraluzen atxikitutakoek «datorren astetik aurrera jarriko dituzte eranskailuak erakusleihoetan».