2.000 bonu atera zituen Udalak eta bi egunetan denak banatu dira
Udalak adierazi du joan den ostegunean, urriaren 24an, salgai jarri ziren 2024ko udazkeneko ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ kanpainako 2.000 bonuak bi egunetan agortu direla. Kanpainaren helburua tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzea da, eta herritarrek izandako erantzun beroak erakutsi du ekimenak harrera zabala izan duela.
Bonu bakoitzak 40 euroko erosketa-balioa eskaintzen du, baina erabiltzaileek 30 eurotan erosi ahal izan dute Lazkaoko 55 saltokitan trukatzeko aukera emanez. Bonuek interes handia piztu zuten merkaturatu zirenetik, eta bi egunetan lazkaotarrek bonu guztiak eskuratu zituzten, herriko negozioen aldeko konpromisoa erakutsiz. Bonuak 2024ko azaroaren 30era arte erabili ahal izango dira parte hartzen duten saltokietan.
Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei eta establezimenduei, kanpainaren arrakasta posible egiteagatik eta tokiko ekonomiaren dinamizazioan duten garrantzia azpimarratuz.
Baserritarren produktuak eskuratzeko
Gainera, oraindik ere eskuragarri daude baserritarren produktuak erosteko bonuak. Bonu hauek 20 euroko prezioa dute eta 35 euroko erosketa-balioa eskaintzen dute, 5 euroko 7 tiketetan banatuta. Bonu horien helburua tokiko lehen sektorea bultzatzea da, eta Udaletxean eros daitezke.