Jaso Burue mugimenduak, Herrixen Merkatarien Elkarteak, Azkoitia Lagunkoiak eta Udalak ipini dute abian egitasmoa
AZKOITIA | HERRIXEN
Gaztetxoen artean mugikorraren erabilera eztabaidarako gaia da azkenaldian. Berehala hartuko dituzte oporrak etxeko txikienek eta mugikorrari begira etxean geratzea ekiditea da guraso askoren kezka. Hortik abiatuta, Jaso Burue mugimenduak, Herrixen Merkatarien Elkarteak, Azkoitia Lagunkoiak eta Udalak ‘Gurea erabil dezakezu’ egitasmoa ipini dute abian. Helburua da txikitxoek mugikorrik gabe kalean ibili ahal izatea eta hau beharrez gero, herriko saltokietan edo tabernetan gailuren bat erabili ahal izatea premiazko beharren bat sortuz gero. Hala, telefono mugikorraren erabilera desegokia eta goiztiarra saihestea litzateke asmoa, praktika horrek eragiten dituen ondorio kaltegarriengatik.
Gauzak honela, herriko 27 merkataritza eta ostalaritza establezimenduk egin dute bat proiektuarekin. Horrela, gazteek saltoki edo tabernetako telefonoa erabili ahalko dute premia baten aurrean. Egitasmora atxiki diren establezimenduetan kartel identifikatzaile bat jarriko da herritarrek jakin dezaten bertako telefonoa eskura dutela. Bertan ‘Gurea erabil dezakezu’ leloa irakurri ahalko da.
Izaera komunitarioa
Egitasmoa gaztetxoek telefono mugikorraren erabilpena gutxitzearen edo atzeratzearen aldeko ekimena izateaz gainera, izaera komunitarioa eman nahi zaio. Beraz, adineko pertsonek ere bat egin ahal izango dute asmoarekin.
Honela, larrialdi baten aurrean deiren bat egiteko premia izanez gero, herrian hainbat merkataritza eta ostalaritza establezimendu izango da prest zerbitzu hori emateko. Honakoak dira egitasmora gehitu diren denda eta tabernak: KF kopistegia, Anuxka ileapaindegia, Arrospide oinetakoak, Kinttela estankoa, NK Ileapindegia, Makibar, Karpos frutategia, Sofia estudio 18, Orbela, Iriondo optika, Lujan, Andueza moda, Naiena, Koxka, ETK informatika, Munibe, Maina mertzeria, Prest tindategia, Graphics, Kontxi ileapindegia, Ortozik podologia, NHO Ainhoa Etxaniz estudioa, Lukas Lurrindegia, Aitzaki kirolak, Ikasi, Itziar Viteri farmazia eta Noah.