Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Auzoaren Arima proiektua aurkeztu du Errenterian, Oarsoaldeko Garapen Agentziak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin bultzatutako hiri-espazioak aktibatzeko ekimena. Ekitaldian izan da, baita ere, Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta eskualdeko presidentea, eta Mikel Arruti Lezoko alkatearen, Joana Mendiburu Oiartzungoaren eta Teo Alberro Pasaiakoaren babesa ere jaso du.
Sailburuak nabarmendu duenez, “Auzoaren Arima lurraldeen arteko lankidetzaren eta hiria biziberritzeko apustuaren erakusgarri da. Proiektuak jarduera, sormena eta arima itzultzen ditu gure auzoetara, eta tokiko merkataritzak gizarte-kohesioan eragiteko duen funtzioa indartzen du”.
Gogoratu duenez, merkataritza-sektoreak eraldaketa hirukoitza du gaur egun: digitala, ingurumenekoa eta soziodemografikoa. “Trantsizio horretan, tokiko merkataritza lagundu behar dugu, funtsezko elementua baita gure herri eta hirietako bizian. Guztiok dugu —administrazioek, saltokiek eta kontsumitzaileek— laguntza horretan erantzukizuna”, adierazi du.
Auzoaren Arima proiektuak, hain zuzen ere, lokal hutsak berpiztea eta hiri-ingurunea dinamizatzea du helburu. Erakusleihoetan eta kaleetan esku-hartze sortzaileak eginez, eta ekintzaileen eta lokalen jabeen arteko bitartekaritzaren bidez, ekintzailetza sustatu eta jarduera ekonomiko berriak erakarri nahi dira. Horrez gain, laguntzak, aholkularitza eta baliabideak izango ditu biziberritzea errazteko.
“Auzoek berriz ere biziak izatea nahi dugu, lokalak proiektu, ideia eta jendez betetzea. Auzoaren Arima ekimenak ez du merkataritza soilik sustatzen; diseinua, artea, kultura eta tokiko ekintzailetza ere sustatzen ditu”, adierazi du. Hitzaldian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatutako “Kalea falta zaizu” tokiko merkataritzari buruzko sentsibilizazio-kanpainarekin lotu du proiektuaren aurkezpena. “Mezu honen bidez, kaleetara itzultzeko gonbita luzatu nahi dugu, harremanen eta tokiko merkataritzaren balioa berraurkitzera, zergak hemen ordaintzen baititu eta gure auzoetan bizitza sortzen baitu”, gogoratu du.
Auzoaren Arima Oarsoaldea eskualdeko udalerrietan garatuko da, herri bakoitzaren arabera egokitutako ikuspegiarekin, baina estrategia komun baten arabera koordinatuta. Horri esker, hiri-merkataritza aktibatzeko eredu erreplikagarri bat diseinatu ahal izango da.
“Ez gara erosketa sustatzeaz bakarrik ari, suspertzeaz baizik. Tokiko merkataritza bizia da, konfiantza eta benetakotasuna. Ez dago hori ordezkatuko duen teknologiarik. Horregatik jarraituko dugu Auzoaren Arima bezalako ekimenak babesten, auzoen arimatik sortzen direlako eta Euskadiren esentzia indartzen dutelako”, amaitu du sailburuak.