Print this page

Andoaingo Udalaren eta SALKIN-en arteko lankidetza-akordioa, elkarteak kalean lokal propioa izan dezan

Agustin de Leiza kalean dagoen lokal berriko alokairuaren kofinantzaketa-konpromisoa da, 3 urtekoa, eta, horri esker, SALKINek herritarrekin zuzeneko presentzia hobetuko du


Andoaingo Udalak eta SALKIN elkarteak lankidetza-akordioa itxi dute, eta, horri esker, elkarteak lokal propioa izango du kalean, andoaindarrekiko interakzioa hobetuz eta kalean presentzia areagotuz.


Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak Agustin de Leiza kalean dagoen lokal berriaren alokairua kofinantzatuko du datozen 3 urteetarako (2020-2023), urtean 4.000 euroko zenbatekoarekin. Zenbateko hori hitzarmen bidez ordainduko da. Lokalaren kontratua sinatu dute dagoeneko, eta irailean ateak irekitzea espero du SALKINek.
Mari Jose Izagirre zinegotziaren arabera, lankidetza hori "beste urrats bat da, tokiko ostalaritza eta merkataritza indartzearen alde eginiko apustuan eta konpromisoan", eta "SALKIN hazten eta indartzen jarraitu ahal izateko" borondatea agertu du. Izagirrek aurreratu duenez, momentu honetan "urrirako zuzendutako kontsumo kanpaina berria" osatzen ari dira.


Oposizioaren kritikak


Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria Saileko arduradunak deitoratu egin ditu ekainean abian jarritako kanpainaren inguruan oposizioak egindako "oinarririk gabeko kritikak", "herritarrak nahasi eta desinformatu" nahi dituztelako.


Gezurtatu egin du "udalerritik kanpoko hornitzaileekin lan egin nahi" izan denik, eta Udalak "beste edozein kontrataziotan bezala" jokatu duela berretsi du, "prozedura guztiak jarraitu dira eta tokiko, eskualdeko eta kanpoko hornitzaileei aurrekontuak eskatuz" ohiko moduan. Eta, nola ez, ekonomikoki eta denbora-epeei dagokienez, eskaintzarik onuragarrienak hautatu dira.


Izagirreren arabera, kritikak "bi aldiz bidegabeak" dira, izan ere, "kanpaina osasun alerta egoeran diseinatu eta martxan jarri behar izan zen" eta egoera horretan izan ziren zailtasun handiak gogorarazi ditu, profesional askok jarduera eten zutelako edo lana aurrera ateratzeko ezintasuna zutelako.