“Orain behar ditugu dirulaguntzak, zuzaraguretxertoa.eus abiatu dugu”

Ibai-Arteko lehendakariak, Jon Apraizek, ohartarazi du dirulaguntzarik ezean “litekeena dela Arrasateko komertzio batzuek ezin berrirekitzea”. Herritarrei lasaitasunerako deia egin eta esker ona adierazi die.

Ibai-Artetik eskatzen duzue Covid-19ari aurre egiteko dirulaguntzak orain jasotzea, zergatik?

Ibai-Arteko dendok itxita gauden bitartean daukagu arazoa. Izan ere, orain ordainketa asko egin behar ditugu, baina aldi berean ez dugu diru sarrerarik. Gero, gure dendak zabalik izango direnean, bonoak trukatu ahalko direnean, ongietorriak, baina hori hilabete batzuk barru izan daiteke. Egungo egoeran, inolako dirulaguntza barik jarraitzen badugu, litekeena da komertzio batzuek ezin irekitzea. Zalaparta handiz iragartzen diren dirulaguntza gehienak, gero ezer ezean geratzen dira. Pentsa, Lanbideren lehengo eguneko dirulaguntza, alokairua ordaindu ahal izatekoa, 1.000 autonomorentzat dira guztira Euskadin, eta Arrasaten 557 autonomo gara, pentsa.

Dirulaguntza guztiekin gauza berbera gertatzen da, ICOren laguntzak esaterako: mailegu batzuk proposatu zituen baina oraindik ez ditu ematen.

Komertzioari eusteko, webgune berri bat abiatu duzue ezta?

Egungo likidezia arazoa aztertuz, zuzaraguretxertoa.eus webgunea abiatu dugu, behar dugun likidezia hori lortzeko. Bezeroak bono bat erosten du eta guk opari txiki bat egiten diogu, txartel-opari bat. Hala, berak gu orain laguntzen gaitu, eta gero guk bera lagunduko dugu. Bonoak ez dira iraungitzen, eta arrera oso ona izan dute, horregatik Arrasateko herriari eskerrak ematen dizkiogu.

Zein aukera ematen ditu webguneak?

Webgune berriak askotariko aukerak ditu, orain bonoak eskaintzen ditu, eta aurrerago beste eskaintza batzuk izango ditu.

Webgune honek funtzionamenduan jarraituko du, eta Ibai-Artek Interneten duen leiho bat da. Aurrerago online salmentak eskainiko ditugu, gure dendetako produktuak eskainiz, etxerako zerbitzua eskainiz, bezeroak produktua dendan jasotzeko zerbitzua,… Irudimena ezinbestekoa da, eta uste dut sormen handia dugula erakusten ari garela.

Kalkulatu duzue zenbateko dirulaguntza jasoko duen Arrasateko komertzio bakoitzak?

Ez dugu kalkulatu Udalaren dirulaguntza zenbatekoa izango den, bonoak direnez, laguntza benetan erosten dituenarentzat da, Arrasateko herritarrentzat, eta eurek erabakitzen dute non gastatu. Gainera, bono hauek Arrasaten lan egiten dugun 557 autonomoentzat dira. Denda batzuek bono askoz gehiago lortuko dituzte beste denda batzuek baino. Baina aipatu dudan bezala, noiz berrireki ahalko da ostalaritza? Noiz jarriko dira bonoak martxan? Ikusten duzun bezala, informazio nahikoa izan barik ezin dira kalkuluak egin. Gutako inork ez dauka.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Arrasateko jendea lasaitu nahi nuke, informazio piloa iristen ari delako. Ibai-Arteko dendak lanean ari gara berrireki ahal izango dugunerako eta gure denden garbitasuna bermatzeko. Beharrezko neurriak baino gehiago aplikatuko ditugu, gure bezeroen osasuna bermatu nahi dugulako, gure dendetara berme osoz etor daitezen.

Bidenabar, beste behin eskerrak eman gura dizkiogu Arrasateko herriari, herritarrek erakusten dizkiguten laguntza eta arduragatik. Aupa Arrasate!

 

https://mondraberri.eus/orain-behar-ditugu-dirulaguntzak-zuzaraguretxertoa-eus-abiatu-dugu/

Gehiago kategoria honetan: