Print this page

Javier Hurtado sailburuak 16 milioi euroko laguntzak iragarri ditu ehungintzaren eta oinetakoen sektorerako

    • Elikadura edo etxeko ekipamendua bezalako sektoreetan salmentak gora egin duen bitartean, ehungintzan % 14 jaitsi da
    • Turismo-, ostalaritza- eta merkataritza-sektoreetarako Sailaren erresistentzia-planak jada 100 milioi euro gainditu ditu, 70 milioi 2020an eta 37 milioi 2021ean

    Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du Gobernu Kontseiluan onartu den euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonaleko azpisektorea mantentzeko laguntzen programa. Laguntzen programa horrek turismo-, ostalaritza- eta merkataritza-sektoreetara Sailak bideratutako Erresistentzia-plana osatzen du. Laguntza horien eta turismoa mantentzeko planaren bidez 100 milioi euroko laguntzak gainditu dira, 70 milioi 2020an eta 37 milioi 2021ean.

    Euskal merkataritza-sektorea Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-ren ia % 11 da. Guztira, bertan, 138.000 pertsona ari dira lanean; horietatik 83.000 baino gehiago txikizkako merkataritza-sektorean ari dira, eta ia 39.000 establezimendu daude. Euskal merkataritzaren egitura, batez ere, mikro ETEetan oinarritua dago, enpresa komertzialen % 78 inguruk 2 langile baino gutxiago dituelako, eta % 93 inguruk 5 langile baino gutxiagoko plantillak.

    Sailburuak azaldu duen bezala, merkataritzako azpisektore bakoitzak bere egoera bizi izan du pandemian zehar. EUSTATek argitaratutako 2020ko txikizkako merkataritzaren indizearen azken datuek adierazten dute txikizkako merkataritzaren salmentak, oro har, % 4,9 jaitsi direla aurreko urtearekin alderatzen baditugu.

    1. urteko kopuru metatuetan jaitsierak era diferentean erregistratu dira; larriena pertsonaren ekipamenduaren inguruan eman da, % 13,9 jaitsiz. 2020ko laugarren hiruhilekoko datuak hirugarren hiruhilekoko datuekin alderatuz, elikaduraren arloko salmentak% 2,8 igo dira urte batetik bestera, etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritza % 11,1 igo da eta kontsumoko beste ondasun batzuetan espezializatua % 3,6. Hala ere, pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritza % 14,7 jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan.

    Sailburuak iragarri duenez, “hori dela eta, euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonalaren sektorerako 16 milioi euroko laguntza zuzen hauek jarri ditugu martxan, jasaten ari diren egoera larriari aurre egiteko.  Helburua da enplegua eta jarduera mantentzea ekonomia suspertzeko fasea iritsi arte”.

    Laguntzaren zenbatekoa 2 tartetan finkatuko da:

    • 1-9 langile dituzten establezimenduetarako 4.000 euro bideratuko dira.
    • 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduetarako 4.500 euro bideratuko dira.

    Bertan sartuta daude bai langile autonomoak bai soldatapekoak, lanaldi osoa edo partziala duten, aktiboan dauden, ABEEE egoeran dauden, lan-harremana etena duten edo jarduera utzi duten kontuan hartu gabe. Aurreko laguntzetan bezala, baldintza hau betetzea eskatzen da: laguntza eskatzeko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hasi eta hurrengo lau hilabeteetan gutxienez jarraian jardueran alta emana egotea. Eskaerak gaur onartutako Agindua EHAAn argitaratzen den unetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.